1893ko apirilaren 3an Beran sortu zen Illekueta auzoko Agaramontea baserrian. Haurtzarotik letrek eta bizitza erlijiosoak erakartzen zuten, baina azken hau albo batera utzi zuen sute bat eragin zuelako Garrenea baserrian bere arreba itsuarekin mezatara jostetan ari zirela. Eskolapioen ikastetxean ikasi zuen eta han izan zuen lehenengo erlazioa musikarekin, baina bere ahots aldaketa goiztiarrengatik ez zen onartua izan parrokiako abesbatzan.
Hamalau urte zituela Argentinara joatea erabaki zuen, non senideak zituen. Buenos Airesen bizi zen eta hango burdindegi batean hasi zen lanean, eta aldi berean La Euskaria euskal diasporaren egunkariarentzat hasi zen idazten. Operazale bihurtu zen eta hiriko antzokietara sarri joaten zen. Florencio Constantino eta Titta Ruffo abeslariek kantatzen entzun ziotenean, gomendatu zioten Italiara joatea kantua ikastera. Cleofonte Campanini Lehiaketan aurkeztu eta hirugarren postuan sailkatu eta gero, Beniamino Gigli eta Francesco Merli tenor ospetsuen ondotik, Parmako kontserbatorioan sartu zen, baina bere ikasketak moztu ziren I Mundu Gerrarengatik eta Berara itzuli zen. El Bidasoa astekarian hasi zen idazten eta Iruñeko Orfeoiarekin kolaboratzen. Ricardo Barojak gomendatua (Pio Barojaren anaia), Nafarroako Diputazioaren pentsio bat lortu zuen Madrilen Luis Iribarnerekin bere ikasketak Madrilen akabatzeko. Han, Gran Teatron, estreinatu zuen Sansón eta Dalila 1919an eta hurrengo urtean Bilbon Jesus Guridiren Amaya euskal opera. Hilabete batzuk geroago, Llácer-Casali konpainiarekin Espainia eta Portugalgo hiriburuetako bira batean parte hartu zuen, non Richard Wagner Alemaniako konpositorearen Walkyria eta Parsifal operak kantatu zituen.
1921eko akaberan Napoleseko San Carlo antzokian estreinatu zuen Walkyria lana eta orduz geroztik 20-30eko hamarkadetan tenor wagnertar espezializatuen, hobekien ordainduen eta ospetsuen bilakatu zen Italian. Sasoi horretan errepertorioa italieraz abesten zen herrialde latinoetan.
Italiako antzoki nagusiek kontratatu zuten: Parmako Regio, Romako Costanzi, Veronako L’Arena, Boloniako Comunale, Turingo Regio, etab. eta batez ere Milango La Scala, non kantatu zuen 1925etik eta 7 denboraldiz interpretatu zituen Wagnerren heroien paper nagusiak, Erik, Siegmund, Sigfrido eta Parsifal, izen handiko orkestra zuzendarien pean: Héctor Panizza, Siegfried Wagner (konpositorearen semea), Arturo Toscanini, Victor de Sabata, etab.
1925-1930ean Buenos Aireseko Colon antzokian ere jardun zuen: L´Amore dei tre Re, Tabaré, Fedra, Khovanshchina, Lo Straniero, Boris Godunov, eta batez ere Amaya; hau, musikagilearekin batera, euskal kolonia mirestea lortu zuen.
1928ko udan Alemaniako hainbat hiriburutara bidaiatu zuen eta, Siegfried Wagnerrek gonbidatuta, Bayreutheko festibalera joan zen. Haren aitaren lanak alemanieraz ikastera bultzatu zuen.
Gerra zibila hasi eta 1937ko apirilean Gernikako bonbardaketaren berri izatean, bere euskalduntasunean eraginda, Italiatik alde egin zuen (herrialdeak altxatutakoen alde egin zuelako) eta bere ibilbide artistikoa utzi zuen betirako; Donibane Lohizunen erbesteratu zen, jazarpen frankistatik ihes egiten zuten bertzelako euskal errefuxiatuekin batera. Orduz geroztik, bere benetako bokaziora dedikatuko da: literatura.
Urte hauetan bi biografia idatzi zituen, Lapurdiko bi pertsonaien inguruan: Pedro Garat, el Orfeo de Francia eta Domingo Garat, el defensor del Biltzar, Buenos Aireseko Ekin argitaletxeak argitaratuak 1948an eta 1951n, hurrenez hurren.
1940ko maiatzan, armada naziak Frantzia inbaditu aitzin, Frantziako aginteak atxilotua izan zen eta bertze euskal erbesteratuekin Gurs kontzentrazio esparruan (Bearn) giltzapetua. Hilabete baten buruan, askatu zuten baldintza penagarrietan bizi ondotik.
Bigarren Mundu Gerra akabatuta Gernika izaera humanistako kultur aldizkaria berrantolatu zuen. Aldizkari hau atzerriko esperientzia esanguratsua izan zen pentsamendu arloan eta Euskal Herriko balio esperitualak babesteko balio izan zuen; gero, aldizkari horren erredaktorea, sustatzaile nagusia eta sostengu finantzarioa izan zen 1953an Argentinan desagertu arte, nondik 1951n erbesteratu zen.
Horrez gain, solasaldiak ematen, irratsaioetan kolaboratzen, etab. hasi zen eta 1957tik Buenos Aireseko La prensa egunkarian artikuluak idazten hasi zen, horietako gehienak bildu zituzten hainbat liburutan:: Retablo Vasco (1959), Unamuno a orillas del Bidasoa y otros ensayos (1964), Los poetas y el País Vasco (1969) eta El teatro por dentro (1971). Artikulu gehienek musikarekin zerikusia zuten (bere bizitza artistikoaren anekdota batzuk kontatu zituen); baita literaturarekin ere, Euskal Herriarekin lotuak.
1964an Euskal Herrira itzuli zen, eta Donostian kokatu zuen bere bizilekua. Ateneo Guipuzcoano-ren bazkide emeritu izendatu zuten etasupernumerario Euskalerriaren Adiskideen Elkartean. Solasaldiak ematen hasi zen eta El Diario Vascon kolaboratu zuen 1976an hil arte.
Isidoro Fagoaga entzuteko:
- La Walkiria: http://youtu.be/JVeIbBE3Zcc
- Parsifal: http://youtu.be/iLPWK2XUCG4